EGIk antolaturiko “Gaztea bazara” Internet bidezko kanpainaren itxiera, Inaxio Uriari eta ETAren biktima guztiei homenaldi bilakatu da. Eusko Alberdi Jeltzalearen gazteen dekalogo barriaren aurkezpena minutu bateko isilunearekin eta ETAren azken atentatuaren gaitzespen adierazpenarekin hasi da. Ekitaldi honetan egungo egikideek aspaldiko egikideekin batera egon dira, hala nola Jose Luis Bilbao, Bizkaiako Ahaldun Nagusia, edo Emilio Olabarria, arabar diputadua.
Izaskun Bilbaok, Eusko Legebiltzarreko Presidentak, itxiera eman dion ekitaldi honetan, EAJ-PNVko Jone Berriozabal, Leire Corrales eta Garbiñe Saez gazte parlamentukideak parte hartu dute. Bertan izan dira baita, Xabier Sanchez eta Maitane Leizaola, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendariak hurrenik hurren. Asier Abaunza, Bilboko Zinegotzia, Sorkunde Aiarza , Zamudioko Alkatea, Gotzon Bilbao, BBBko burukidea, Lurgorriko kideak eta EGIko ordezkaritza handiak parte hartu dute ekitaldian.
“Gurea bezalako gizarte modernoan biolentzia guztiz onartezina dela uste baduzu. Gizarte baketsuan bizi nahi baduzu. Ideiak defendatzeko bideak hitza eta elkarrizketa direla uste baduzu. Bakea, inor baztertu gabe, guztion lanarekin eta ahaleginarekin eraikitzen dela uste baduzu… Zu EGIkoa zara” dino puntu batek Eusko Alderdi Jeltzaleko gazteek gaur aurkeztutako dekalogoan.
Emantzipazioa, elkartasuna, etxebizitza eta lan duina, drogen kontsumo arduratsua edota konpromesua dira EAJ-PNVko gazteek aurkeztutako dekalogoan landutako puntu batzuk. Eguneratutako konpromiso hau www.gazteabazara.org web orrian aurkitu daiteke.



